martxoaren 3ra arte

EuskarAbentura espedizioa 2023an parte hartzeko deialdia zabaldu dute

Ander Zarraga 2022ko abe. 1a, 15:06
Iazko EuskarAbenturan parte hartu zutenen aurkezpena. © EUSKARABENTURA

Hurrengo EuskarAbenturan 2006 eta 2007 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok parte ahal izango du. Hautagaitzak aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaliz egin ahalko dira martxoaren 3ra arte. Halaber, abenduaren 9an Durangon egingo den den Gazte eztanDA! ekitaldian espediziorako plaza bat zozketatuko dute.

Datorren urteko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura spedizioa 2023ren baitan. Espedizioaren 4. ediziorako izen-emate epea zabalik dago da eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) izango dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, azken hori elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.

Aurten hautagaitza bidali gura duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai izango dituzte aukeran:

  • Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
  • Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
  • Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?

Era berean, gai horiek garatzeko gazteek sei lan formatu izango dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikus-entzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. Hautagaitzak elkartearen webgunetik egingo dira, www.euskarabentura.eus helbidea.

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko dute kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.

Motorrak berotzen

Halaber, abenduaren 7 eta 9an EuskarAbenturako kideak Durangoko Azokako Landako Gunean izango dira proiektuaren inguruko informazioa zabaltzen. Gainera, Gazte eztanDA! egunaren baitan antolatu den DA!Gynkana-n parte hartzen duten gazteek (2006 edo 2007an sortutakoak) 2023ko espedizioan parte hartzeko plaza baten zozketan sartuko dira. Gynkanan parte-hartzeko aldez aurretik izen-ematea ezinbestekoa izango da, Durangoko Azokaren webgunean.

Hasiera beroa emango diote 2023ko edizioari eta izen-emate epearen irekieragaz batera elkarteko kideak hasi dira badorduko Euskal Herri osoko ikastetxeetara hurbiltzen eta gazteei 2023ko espedizioari buruzko informazioa helarazten. Elkartekideek haiekaz harremanetan jartzeko deia luzatzen diete Euskal Herriko hezkuntza zentro eta gazteei.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun