Teknologia albisteak

Literatura Unibertsala Wikipedian lantzeko "editatoi" bat , irailaren 28an Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
EIZIE
2018-09-24 : 10:08

"Literatura Unibertsala Wikitzen" izeneko edizio-saioa antolatu dute EIZIEk eta Donostia Kulturak datorren ostiralerako (irailak 28). Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren ospakizunen artean burutuko da eta Literatura Unibertsala Wikipedian lantzeko editatoi bat izango da. Edozein literaturzalerentzat pentsatutako ekitaldia da; bertaratu nahiez gero izena eman behar da.

Itzultzaileen Nazioarteko Eguna irailaren 30ean ospatzen dela baliatuz, euskarara ekarritako literatura unibertsaleko obrak Wikipedian lantzeko lantegi bat egingo du Wikilarien elkarteak, EIZIErekin batera.

Irailaren 28an izango da, 11:00etatik 14:00etara, Donostiako Haur Liburutegian (Alde Zaharra).

Zer egingo dugu Wikilantegian?

  • Oinarrizko Wikipedia ikastaroa. Lehenbiziko aldiz hurbiltzen direnentzako ikastaroa, Wikipedian ekarpenak egiten ikasteko.
  • Literaturari ahotsa jartzea. Literatura unibertsaleko obren pasarteak grabatuko dituzte itzultzaileek Wikipedian jartzeko.
  • Literatura unibertsala lantzea. Bibliografia aztertu, erreferentziak eguneratu, editatu, itzuli... Autorerik esanguratsuenen biografiak eguneratuko ditugu talde-lanean.

Etorri nahi izanez gero, eskertuko dizugu hemen jakinaraztea.

Literaturara hurbiltzeko modu asko daude: liburuak irakurriz, egileak ezagutuz, eztabaidetan parte hartuz… Orain, baita Wikipediaren bitartez ere, sortzaileei eta haien obrei buruzko artikuluak sortuz eta hobetuz. Asmo horrekin abiatu zen Idazlezainak proiektua, 2017an, literaturako edukiak sortu, gaurkotu eta editatzeko.

Jatorrizko artikulua eta informazio gehigarria, EIZIEren webgunean.

 

.......................

Argazkia: Idazlezainak egitasmoa.

Erantzun

Sartu